XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikur hau agertzen denean, ariketa horretan datuak biltzea, elkarrikuskak egitea, informazioa eskuratzea, galdeketak egitea, liburuak kontsultatzea edo antzeko zerbait proposatuko da.

Normalean, horrelako ariketa batean ikasle bakoitzak bere lana egin beharko du, bere informazio bilketa edo kontsulta, baina ez dago hori era estu eta zehatzean hartu beharrik eta taldetxo txikitan ere egin daiteke, edo egitea komeniko da, behin baino gehiagotan.

Ikur hau agertzen den bakoitzean, ariketa hori taldean egitekoa dela adierazi nahi dugu. Normalean ahoz egiteko ariketak izango dira eta taldetxo txikitan bildurik. Elkarren artean iritziak trukatu, hitz egin, elkarrizketak antolatu eta eztabaida bidez lantzekoak izango dira.

Esan dugunez, normalean ahoz eta talde txikitan planteatuak badaude ere, ez da baztertu behar talde osoko eztabaida eta iritzi trukaketa.

Gainera, talde txikitan egindako lana talde handian aurkeztu eta iritzi bateratze lanak egitea behar-beharrezkoa izango da ia gehienetan.

Ikur hau ikusten duzunean, badakizu idazte lanak proposatzen direla. Kasu honetan lanak bakarka egitekoak izango dira eta lan-koadernoa ala inguruaren ezagutzarako izendatutako koadernoa erabili beharko da. Hala ere, zenbait kasutan, eta hala komeni dela ikusiz gero, idatzi aurretik talde txikian egin daitezke elkarrizketa edo eztabaida lanak.

Lehengo ikur horietatik aparte beste honako hau ere ikus dezakezu zenbaitetan. Ikur hau berezia da, loturako ikurra. Izan ere, ikur horretan agertzen den pertsonaia Kirikitxo iratxoa da eta ikaslearen liburua eta lan-koadernoen arteko lotura adierazteko erabiltzen da.

Lan-koadernoak

Hirugarren ziklo honetan, ikaslearen liburu bakoitza bi lan-koadernoren laguntzarekin datorkigu. Lan-koadernoan ariketak, esperientziak, iharduerak... agertzen zaizkigu eta unitate bakoitzeko gaiarekin erabat loturik agertzen dira.

Lotura hauek bi norabidekoak izaten dira batipat. Alde batetik hor ditugu iritsi nahi dugun kontzeptuetarako bidea irekiko diguten iharduera esperientzialak. Lan-koadernoan agertzen diren iharduera horien bidez, hurbilketa lana egiten dugu liburuan landu behar ditugun kontzeptuetara, eta iharduera horietan behar adina sakondu arte ez gara joango han agertzen zaiguna ikastera.

Beste batzuetan alderantzizkoa izan daiteke bidea, eta aurrez ikusi eta aztertu ditugun gauzak frogatzeko ala eztabaidatzeko erabiliko ditugu lan-koadernoko ariketa edo iharduerak.

Unitate bakoitzeko gaia aztertzeko, bi tresnak erabiltzea proposatzen dizugu: liburua eta lan-koadernoak.

Unitate bakoitza lan-koadernoan hasten da. Han, liburuan bezalaxe, aipatu ditugun atal desberdinak agertzen dira eta hasierako Zer dakigu honetaz? izango da beti lehenengoa. Lan-koadernoan bertan ikusiko dugu Kirikitxo iratxoa eta berak esango digu noiz pasa behar dugun liburuko unitate didaktikoaren hasierara.

Liburuan jarraituko dugu lanean eta halako batean agertuko zaigu berriro iratxo bihurria eta lan-koadernora bidaliko gaitu, hango ariketa edo iharduerak egitera. Horrelaxe joango da aurrera unitatea eta bertan aztertzen ari garen gaia, batzuetan lan-koadernoan lanak eginez eta beste batzuetan liburuko ariketak egin eta ikasgaiak ikusi eta ikasiz.

Gogoratu urte bakoitzeko liburuari bi lan-koaderno dagozkiola eta lan-koaderno horietako ariketetan oinarrituz egin genezakeela irakaskuntza desberdindua, ariketa eta iharduera horietan bakoitzari eskatuko diogun arreta eta gaian lan egiteko sakontasuna oso desberdina izan baitaiteke.

Kontu izan baita ere, unitate didaktiko bakoitzaren zehaztasunak agertzeko egindako tauletan (133tik 168ra bitarteko orrialdeak) liburutik lan-koadernora egiten diren saltoak ikur honekin (#) adierazten direla.

Beleko kontsulta liburua

Gai bakoitzeko atal bereziak aztertzeko txoko honetan liburu barruko, eta lan-koaderno barruko, ikurrak aipatu ditugu, eta baita lan-koadernoak berak eta euren funtzioa ere. Bestalde, ikasketarekin zuzenean loturik dagoen material honetatik aparte, inguruaren ezaguerarekin lotura handia izango duen beste materiala ere aipatu nahi genuke: kontsulta liburua.